XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Datorren asteartean Donostiako Victoria Eugenia-n, Mea kulparik ez LParen aurkezpena. Hamargarrenera iritsi da Imanol

Hamargarren disko haundira iristea curriculum ona da edozein artistarentzat; are gehiago Imanol Larzabalen kasuan, bera bait da lehena euskal kantagintzan marka hori hautsi duena.

Mea kulparik ez da rekorda eman dion diskoaren titulua eta dagoeneko diskodendetan da LP hori.

Datorren asteartean Donostiako Victoria Eugenia antzokian aurkeztuko du kantariak.

Baina zein dira Imanolek bere gain hartu nahi ez dituen kulpa horiek?

- Batetik, esaldi hori Koldo Izagirreren Nire euskaltasuna poematik hartua da, gero diskoan ere kantatzen dudan poema, hain zuzen, eta, bestetik, erreferentzia bat da, nork bere bizitza osoa asumitu behar duela esan nahi da, inork ez dieziola bere buruari traiziorik egin, eta gero inork ez dezala inori traiziorik egin.

Probokatzea komeni da

- Eta diskoaren azaleko neskatila hori? Zenbait jende harritu egin du.

- Edertasunaren edo inozentziaren sublimazioa da hori; edo antzeko zerbait.

Ondo dago jendeari txokatzea, herri honetan aurreiritzi franko dago eta probokatzea komeni da.

Laugarren aldia da diseinu lana Jose Mari Zabala argazkilariak egiten diola.

Badirudi ondo baino hobeto konpontzen dela Imanol berarekin.

Eta oraingoan ere, diskoak Sarrionaindia Koldo Izagirre, Xabier Lete eta Juan Mari Lekuonaren poemak dakartza.

Baita ere, errekuperatu egiten du Mikel Arregi nafar poeta, Imanolen aspaldiko adiskidea.

- Balio handiko poetak ditugu, baina oso beldurtiak dira eta gustatzen zait beren lanen altaboz lana egitea.

Mikel Arregi izkutuan zebilen, ez zuen poemarik soltatu nahi, eta orain disko honetan haren bost testu berri ditugu.

Gainera, hemendik aurrera biok gertuagotik ibiliko gara, bere poesia eta nire musika lotuago joan daitzela lortu nahi dugu.

Disko honetan horrelako harreman berezi bat izan da Koldo Izagirre eta bion artean.

Sarriren kasuan badago pasadizo polit bat: gartzelatik ihes egin zuen egunean, kontzertua baino lehen agurtzera etorri zitzaidan eta lau poema entregatu ere bai: nahi zuen Oroimeneko portuak habanera itxura edukitzea eta emanaldi hartan Nerudaren gai bat ere eskatu zidan.

Kontinuismoa testuen egileei dagokienez eta zenbait aldaketa orientazio musikalean.

- Nik uste dut Oroimenezetik hona pauso musikal handi bat eman dugula.

Disko hau ritmikoagoa da, ez martxa gehiago duelako, ez, hori baino sutilagoa da arazoa.

Lan artesanalagoa egin dugu, hots eta giro berriak bilatu asmoz, esate baterako Galdera honen erantzun-eza blues horren kasuan.

Ikusi nuenean kantan akordeoi alaia sartu dugu eta horko poema hori vacilekoa da.

Osin mikatzan Karlos Jimenez-en pianoa dago oso pieza satiana da.

Eta diskoko gailurra Baztango lurra da, horixe da kantarik inportanteena.

Kanta horretan asko azaltzen da sintetizadorea, nolabait Baztango lur libre eta zabal hura deskribatu nahiz.

Jean Luc Hargous-ek bere saxoarekin egiten dituen inprobisazioek zubiarena egiten dute.

Orain ere Karlos Jimenez da bigarren zutabea

Orain ere, Karlos Jimenez da Imanolen laneko zutabeetako bat.

Imanolek dioenez, Michel Longaron (bateria) eta Txema Garcés (baxua) integratuagoak geratu dira taldearen osotasunean.

Iñaki Salvadorrek noizean behin akordeoiaz eta tekladoan laguntzen du eta, horiez gain, George N. Nicolescu rumaniarrak gidatutako sokazko lau musikarik ere gogor indartzen dute Mea kulparik ez hau.

Bestetik, Paco Ibañezek kanta bat abesten du diskoan.

Ibañez bera ere izango da Victoria Eugenian, eta baita Labordeta, Joaquin Sabina, eta Luis Pastor ere.

Lagun kuadrila juntatuko da, beraz, aspaldi honetan edade beretsuko beste batzuk ere egiten duten bezalaxe: Serrat, Aute, Milanések... Imanol Madrildik etorri berria da; Jimenezekin batera Zure tristura kantatu zuen Labordetaren kantaldi batean.

Zuzeneko diskoa grabatzen ari zen kantaldia zen, gainera.

Bukaera aldera, Labordeta eta Imanolek Zaragozako horren Albada hunkigarria kantatu zuten elkarrekin.

Nobedade gehiago: lehenengo aldiz, euskarazko LP bat euskara hutsean eskaintzen da, ohizko itzulpenak (euskaratik gaztelaniara, frantsera, ingelesera eta, batzutan, portugesera ere bai) alde batera utziz.

Hona Imanolen arrazoiak: azken diskoa oso gaizki itzuli zuten eta pentsatu dut hobe dela ez itzultzea, liburuen kasuan egiten bezalaxe.

Bestetik, arazo hau egileena, poetena da.

110-120 abesti dira Donostiako Antiguako kantari honen ondasuna.

Egunotan, Imanol eta bere musikari laguntzaileak kanta guztien selekzio bat prestatzen ari dira, azken diskokoak sartuz, jakina, Victoria Eugenian emanaldi eder bat eskaintzeko asmoz.

Suerte ona opa diegu.

ERRETA.